2009/11/25

EUSKARAZ HITZ EGITEKO MOTIBAZIORIK EZ???


"Ni Euskal Herrian naizenean edozein tokian euskaraz hitz egiten saiatzen naiz. Nire Iruñeko lagunen artean horrek jakinmina sortzen du eta batzuek lotsa eginda geratu direnez, aurten euskaltegian izena eman dute".

Aurelia Bittner (euskara ikaslea).



Alemaniatik euskara ikastera ikastera etorri da Aurelia, eta Euskarabidearen webgunean elkarrizketa egin diote. Ikus:
http://www.euskarabidea.es/euskara/albisteak/alemaniatik-hona-euskara-ikastera

2009/11/17

EUSKARA NIRETZAT DA...

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Zerbait gehiago jakin nahi duzu honen inguruan?
Lehenengo Euskararen Eguna

Euskararen Eguna 1949ko abenduaren 3an ospatu zen lehenengo aldiz. Garai hartako Espainiako egoera politikoak eraginda, Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan eta Ameriketako hainbat lekutan egin zen.
Eusko Ikaskuntzaren lana
Euskararen eguna Eusko Ikaskuntzak sortutakoa da. Erakunde hau 1918an sortu zen, Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundien eraginez. Euskal kulturaren sustapena eta iraupena ziurtatzea izan da hasieratik Eusko Ikaskuntzaren helburu nagusiena. Espainiako Gerra Zibila lehertu arte, dinamismo handiko erakundea izan zen. Beste lanen artean, Euskaltzaindia habian jarri, autonomia estatutuaren testua idatzi eta ikastoletarako ikas-materialak ekoitzi zituen.

Bestalde, euskal ikasketen arloan zebiltzan ikertzaile eta aditu garrantzitsuenak bildu zituen eta sei biltzar ere antolatu zituen. Baina euskal kulturaren hedapena gizarte guztira ere zabaldu nahi zuen, eta horrela antzerti eta olerti egunak, bertsolari egunak eta antzekoak ere antolatu zituen.
Nazioartera zabaldu

Espainiako Gerra Zibilak Eusko Ikaskuntzaren ekimenak eten egin zituen, eta erakundearen desagerpena ia erabatekoa izan zen. Baina Joxe Miel Barandiaranen ekimenez, Iparraldean jarraipena izan zuen erakundeak, eta Nazioarteko Eusko Ikaskuntza bultzatu zuen. Horrela, 1948an Miarritzen eta 1954an Baionan, biltzar bana egin ziren. Halaber, Iparraldeko Euskaltzaleen Biltzarra ere 1948an hasi zen lanean, eta euskararen aldeko kultur ekitaldiak berpiztu ziren.

Giro honetan, 1949ko abenduaren 3an lehenengo Euskararen Eguna aldarrikatu zuen Nazioarteko Eusko Ikaskuntzak, eta urtero egun horretan ospatu da.

Egun ofizialaren izendapena

1995ean egindako Kanpoko Gizataldeen Lehen Mundu Biltzarrean, Uruguaiko ordezkaritzak Euskararen Egunak berrindartzea proposatu zuen, eta Diasporako euskaldunentzat hain garrantzitsua zen eguna ofizial izendatzea. Horrela, Euskaltzaindiak eta Eusko Jaurlaritzak ongi iritzi eta abenduaren 3a, Xabierko Frantziskoren eguna, Euskararen Egun ofizial izendatu zuten.
  • LEHIAKETA
SAN FERMIN IKASTOLAKO IKASLEEI BIDERATZEN DIZUEGUN ERRONKA HONAKOA DA: EUSKARA NIRETZAT DA... LELOA ERABILIZ, ESALDIA OSATU, EDO BERTSO NAHIZ POEMA BAT EGIN ETA SARRERA HONI ATXIKITU, IRUZKIN MODUAN. AZAROAREN 26RA ARTE IZANGO DUZU EPEA. EGUN HORRETAN, IRUZKIN ORIJINALENA, HUNKIGARRIENA EDO... IZENDATU ETA SARI BAT EMANEN DIOGU. ANIMATU PARTE HARTZERA!!!